• Pasa den ostiralean, urriak 24, Udalbiltzak urteko bigarren Kontseilu Nagusia egin zuen Aramaion. Bertan, besteak beste, 2026. urteko Kudeaketa Plana eta aurrekontua onartu ziren, 849.790,50€koa.
• Datorren urteko Kudeaketa Planak Udalbiltzak azken hilabeteetan garatutako lan-ildoen fruituak jasotzeko aukera emango du: berriki argitaratutako Zaintza liburuxkaren zabalkundea, Ehnergia energia komunitateen sarea eta Geuretik Sortuak egitasmoaren emanaldi zirkuitua dira horietako batzuk.
• Halaber, Zeanuri udalerria (Bizkaia) partzuergoan sartu dela iragarri zen.
Urtero lez, Udalbiltzak bere bigarren Kontseilu Nagusia antolatu zuen pasa den urriaren 24ean, ostirala. Lurraldetasunari erreparatu nahian, Kontseilu Nagusi horiek Partzuergokide den herri ezberdin batean antolatu ohi dira aldiro, eta kasu honetan Aramaion (Araba) izan du hitzordua.
Izaera protokolarioa duten zenbait erabaki hartzeaz gain (tartean Udalbiltzarekin lotutako pare bat esperientziaren aurkezpena, Partzuergoan sartu diren udalerriak, edota 2026ko aurrekontuaren onarpena), Kontseilu Nagusi honek indar berezia izan du, azken urte eta hilabeteetan Udalbiltzak lan ildo ezberdinetan garatu dituen zenbait egitasmok datorren urtean argia ikusiko dutelako.
Hain zuzen ere, 2026an gauzatuko den guztiaren Kudeaketa Planari buruz hitz egiterakoan aurkeztu dira aipatu proiektuak. Udalbiltzak duela pare bat urte egituratu zuen lan-eskema berriari jarraiki, ildo ezberdinetatik abiatutako lanketen lurreratzea gertatuko da datorren urtean. Batetik, ‘Herri Jasangarria’ren ildotik, Energia Burujabetzaren atalean Ehnergia egitasmoa aurkeztu da: estatuen mugaz gaindi landuko den Energia Komunitateen bigarren mailako Sarea. Egitasmoa behar bezala aurkezteko, aurkezpen bat egingo dute 2026ko otsailean, laster iragarriko den lekuan.
‘Herri Zaintzailea eta Hezitzailea’ lan-ildoan, Zaintzaren esparruak garrantzia berezia izan du. Izan ere, berriki argitaratu da urtebete luzez lantzen ibili diren Zaintza liburuxka, Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak izenean. Edukiak lurreratu eta gogoetatu asmoz, 2025eko azaroaren 7ko goizean zehar jardunaldia egingo da Donostiako Miramon Teknologia Parkean; izen-emateak zabalik daude jada. 2026ra begira, liburuxka honek Euskal Herriaren luze-zabalean aurkezpen ezberdinak izango ditu.
‘Memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa’ eremuan, halaber, Geuretik Sortuak kultur egitasmoak hartu du Kontseilu Nagusiaren fokua. 2025-2026 urteak hartuko dituen hirugarren edizioan, 2026a zehazki zirkuitu nazionalaren urtea izango da. Bertan, aurtengo sormen egonaldietan landu diren lanak aurkeztuko dira, hala nola: zortzi antzezlan, zazpi komikiz osatutako bilduma, hamar ipuinez osatutako bilduma, eta lau film labur. Zazpikiak bat izeneko komiki-bildumak ikusiko du argia lehenbizi, azaroan; besteak beste, Hernanikomik azokan. Geuretik Sortuak-en zirkuitu nazionala aurkezteko agerraldi bat antolatuko da 2026ko urtarrilean.
Zeanuri eta garabidean dauden proiektuak
Kontseilu Nagusi honetan ere, Partzuergora sartu berri den udalerri bat aurkezteko tartea izan da. Zeanuri (Bizkaia) da udalerri hori, eta behar bezalako ongietorria egin zaio Udalbiltzara.
Partzuergoaren 2026. urteko ia 850.000 euroko aurrekontuak, halaber, beste zenbait egitasmorekin aurrera egiteko ere balioko du. Gobernantza Publiko Komunitarioan aurrera egiteko lantalde bat osatu da; Ekonomia Sozialaren alorrean, Gizarte Monetaren proiektua Hego Euskal Herrian sustatzeko lanketarekin jarraituko da; Elikadura Burujabetzaren esparruan, manifestu bat idatzi eta ekintza plan bat diseinatuko da hainbat eragileren artean; eta Hezkuntzaren eremuan, berriki aurkeztutako Plentziako ibilbide interaktiboen egitasmoak ere argia ikusiko du, Udalbiltzaren laguntzarekin. Honek, Plentziako Tokiko Curriculumaren garapenean aurrerapauso bat suposatuko du, beste zenbait herritara estrapolagarria izango den egitasmoa.
Hau guztia, noski, Udalbiltza Partzuergoaren kide diren udalerri guztien laguntzari esker ateratzen da aurrera. Urtean bitan egiten diren Kontseilu Nagusi hauek, partzuergokideak bildu eta euren kuotekin garatzen diren proiektuen berri izan dezaten balio dute.


