Skip to main content

50 udal ordezkari inguru elkartu ziren urriaren 30ean Dimako udal aretoan, Udalbiltzaren urteko bigarren Kontseilu Nagusian. Udazkenean egin ohi den kontseilu honetako ohiturari jarraiki, datorren urteko kudeaketa plana eta aurrekontua onartu zituzten bertan, besteak beste.

Udalbiltzako partzuergokide diren herrietako ordezkariek urtean bi abagune izan ohi dituzte Udalbiltzaren azken hilabeteetako aurrerapausoak ezagutu eta hartutako erabaki berriak bozkatzeko; eta pasa den urriaren 30ekoa izan da horietako bat. Kontseilu Nagusietan, halaber, tokiko zenbait esperientzia berritzaile eta interesgarri aurkezteko aukera aprobetxatzen du Udalbiltzak; eta horiekin ireki zuen oraingoan ere Kontseilu Nagusia.

Otxandioko Kulturaniztasun Kontseilua izan zen aurkeztutako lehen egitasmoa: herrian kulturaniztasuna errespetatu eta integrazioa bultzatzeko kolektibo ezberdinen eta jatorri ezberdinetako biztanleen artean osatu duten batzorde bat. Urrian egin zuten lehen kontseilua, eta abendurako beste bat antolatu dute honezkero.

HEKO gure monetaren txanda heldu zen ondoren. Pasa den irailean Elizondon prozesuaren emaitza aurkeztu ondoren, Udalbiltzaren Kontseilu Nagusira ere eraman zuten egitasmoa (Udalbiltza izan baita honen sustatzaileetako bat). Hego Euskal Herrian funtzionatuko duen moneta propio gisa aurkeztu zuten HEKO, tokiko ekonomia indartzea, euskara errespetatzea, trantsizio ekologikoa bermatzea eta justizia soziala ziurtatzea helburu duena, besteak beste. Egitasmoan bazkidetzeko bideak azaldu zituen, amaitzeko, Luix Intxauspe HEKOren lehendakariak.

Horrez gain, betiko legez, 2027 urtera begirako kudeaketa plana aurkeztu zuen Udalbiltzak, eremuko teknikari bakoitzak bere gain hartutako egitasmoen aurrerapausoen berri eman zuelarik: Ehnergia Sarea, Plastigarbi, elikadura burujabetza, mendigintza, tokiko curriculuma edota Geuretik Sortuak, besteak beste.

800.000 euroak gainditzen dituen 2027ko aurrekontua aurkeztu zuen, amaitzeko, partzuergoak, eta horren bozka egin zen Kontseilu Nagusian, aho batez onartu zena.