Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioak, 2025 eta 2026 urteetan zehar luzatuko denak, aurrera darrai. Lehenbiziko urte honetan sormen egonaldiak dira nagusi, eta bertatik zenbait egitasmo interesgarri irteten ari dira. Horien artean, Argimalutak antzerki konpainiak Txondor Plaza deituko den bere lanerako Berriatuan antolatu duen txondor pizketa, bitxia izateagatik, zinez aipatzekoa da.
Berriatuako alkate Joseba Goienolak egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkigu: “Geuretik Sortuak bekaren banaketan, Argimalutak konpainiari Berriatua egokitu zitzaion. Euren antzezlanak txondorgileen ogibidearekin zerikusia zuela eta, euren proposamena egonaldian zehar txondor bat sortu eta piztea izan zen. Guri sekulako ideia iruditu zitzaigun eta, erronkari eutsiz, irailaren 2an, asteartea, Argimalutak konpainiako kideek eta Berriatuako herriak txondor bat piztuko dugu herrian bertan”.
”Euren proposamena egonaldian zehar txondor bat sortu eta piztea izan zen. Erronkari eutsiz, irailaren 2an, asteartea, Argimalutak konpainiako kideek eta Berriatuako herriak txondor bat piztuko dugu herrian bertan.
Joseba GoienolaBerriatuako alkatea
Konpainiako kide den Txetxu Colladok, halaber, eskaini digu ideia honen testuingurua: “Gure obraren inspirazio nagusia Tasio filma izan da. Duela gutxi izan da bere 40. urteurrena, Donostiako Zinemaldian zaharberrituta eman zuten berriro ere, eta niri bertako unibertsoa izugarri erakargarria iruditu izan zait betidanik. Interesgarria iruditu zitzaigun unibertso hori beste eremu batera eramatea; antzerkira, hain zuzen ere”. Izan ere, proposatzen duten lana “landa antzerki” gisa definitu du Colladok, “txondorrak egiten ziren plazetatik ahalik eta gertuen eskaini nahiko genituzkeelako emanaldiak, landa eremuan”.
”Gure obraren inspirazio nagusia Tasio filma izan da. Interesgarria iruditu zitzaigun unibertso hori beste eremu batera eramatea; antzerkira, hain zuzen ere.
Txetxu ColladoArgimalutak konpainiako kidea
Berriatuako herriak txondorgintzan aditua den beste herri baten laguntza izango du ekintza honetan: Goizueta. “Euskal Herrian oso gutxi dira egun txondorgintzaren ogibideari jarraipena ematen diotenak; Goizueta da horietako bat. Bertan ofizioak oso bizirik jarraitzen du”, diosku Goienolak. Behin piztuta, txondorrak zaintza handia eskatzen du piztuta mantendu eta surik eragin ez dezan; bada, txondorraren lehen 24 orduetako zaintzarako 60 lagunetik gora berriatuar eskaini dira bolondres, talde ezberdinetan. Astebete inguruz txondorra piztuta egon dadin aurreikusten da; “ostera, irailaren 12an, bertatik ikatza aterako dugu”, gehitu du Goienolak. Argimalutak-eko kideak pozik dira euren proposamenak izandako bilakaerarekin: “Izugarri poztu gaitu Berriatuatik egitasmo honekiko sortu den engaiamenduak”, dio Colladok. Bi aldeetatik irrikaz daude datozen egunetarako.
Argimalutak-en gisan, beste zazpi konpainiak ere (guztira zortzik) egonaldiak egingo dituzte euren antezlanak garatzeko. Gehienek udazkenean egingo dituzte euren egonaldiak, nahiz batzuk jada hasiak diren aurrelanketarekin. Ostean, bakoitzak Euskal Herriko txoko ezberdinetan emanaldiak eskaintzeko aukera izango du zirkuitu nazionalaren baitan.


