Skip to main content

Geuretik Sortuak bekaren hirugarren aldia abiatu zenetik urte erdi pasa den honetan, sormen egonaldiak aurrera doaz. Idazle, komikigile, antzerkigile eta zinemagileak hasi dira herrietan murgiltzen, eta lehen seihileko honen hondarrean, hona hemen martxan dauden lanen laburpena.

Literaturan, idazle guztiek egin dute gutxienez egonaldi bat; dagoeneko egonaldia amaitu duten batzuk aipatzearren, Miren Artetxe hendaiarrak Atxondon (Bizkaia) ondu du, hiru astez, bere kontakizuna. Bertan, bi emakumeren arteko harremanari buruz arituko da, eta horretarako, herriko andreekin kafea hartu, mendi taldearekin mendi-buelta bat eman eta eskolako umeekin ere lanketak egin ditu, besteak beste. Naia Arantzamendi ondarroarra Baigorrin (Nafarroa Beherea) egon da sormen egonaldian, eta bertan, lehen sektoreko belaunaldi aldaketari erreparatu dio. Bere jaioterriko errealitatearekin alderatuta, lehen sektore oso gaztea aurkitu du Baigorrin, eta horri tiraka, bertako nekazariekin aritu da luze eta sakon hizketan gaiaren ertzak ezagutzeko.

Komikigintzaren alorrean, Eñaut Aiartzaguena iurretarra Ataunen (Gipuzkoa) eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) artean aritu da aurrera eta atzera Lizarrustiko portuan zehar, eta hain zuzen ere, horixe izango da bere komikiaren gai nagusia: bi herrien arteko estraperloa izango du hizpide, 36ko gerraren ostean goseari aurre egiteko ohiko ekintza zena. Usue Egia durangarrak Legorretan (Gipuzkoa) egin du hiru asteko egonaldia. Bertan, bakardadeari buruzko komiki bat ari da lantzen, gaia esploratu eta hainbat ikuspuntutatik ikertu nahian. Hegaztien munduan ere murgildu da horretarako. Egonaldian, herriko jubilatu taldearekin elkartu da gaiari buruz aritzeko, eta marrazketa tailer bat izan da horretarako aitzakia.

Zinemagileak ere hasi dira haien lehen egonaldiak egiten, inguruak ezagutzeko eta herrietan murgiltzeko. Raúl Barreras karrantzarrak Baztango (Nafarroa) lehen zinekluba inauguratu du, eta bertako biztanleekin konektatu du zinemaren bidez. Egonaldien ostean, irailean eta urrian ariko da bere film laburra grabatzen, emoziorik gabeko mundu distopiko bati buruzkoa. Larrabetzun (Bizkaia) Olatz Ovejero iruindarra haurrekin tailerrak egiten aritu da, emakumeen ikusgarritasuna lantzeko, batez ere zinemagintzatik abiatuta, baina baita beste alor batzuetan ere.

Antzerkigintzan, zortzi dira aurten hautatutako konpainiak. Estreinaldiak 2026aren hasieran izango direnez, 2025eko amaieran izango dira egonaldi gehienak. Hala ere, batzuk hasi dira lanean dagoeneko: Imanol Epelde zarauztarra Muxikan (Bizkaia) egon da bere lehen egonaldian, gaur egungo Euskal Herriaren eta euskaldunen erradiografia bat egin nahian, Ez Badugu Sinisten obraren lehen zertzeladak ematen bertako herritarrekin batera. Infinitudrama konpainiako kideak Berastegin (Gipuzkoa) eta Leitzan (Nafarroa) ari dira buru-belarri lanean, Promesarik txikiena obran. “Road konfesategia” egitasmoa landu zuten herrietan: laguntasunari buruz hausnartzeko txoko bat eraiki zuten karabana batean, eta bertatik pasa ziren adin guztietako herritarrak, antzezlanaren muina izango den gaiari buruz mintzatu eta konfesatzeko.

2026an ikusi ahal izango ditugu egosten ari diren obra hauen emaitzak, eta bitartean, herriz herri gure sortzaileen lanketez gozatzeko aukera izango dugu.

Izaro eta Aitor Arrutiren argazkia.