Tokian tokiko kultura, ondarea eta historia transmititzea ezinbestekoa da egungo Euskal Herrian. Erronka horri erantzun nahian, Plentziako Udalak ibilbide interaktibo batzuk sortzeko egitasmoa ipini du martxan, herriko institutuarekin, Hik Hasirekin, Oinherrirekin eta Udalbiltzarekin elkarlanean.
.
Pasa den ostiralean, urriaren 17an, aurkeztu zuten proiektua, Plentziako Uribe Kosta BHI institutuan. Bertan herriko alkate Aitor Garagartza, institutuko zuzendari Susana Beltran de Heredia, Hik Hasiko kide Mikel Agirrezabala, Oinherriko kide Maite Azpiazu eta Udalbiltzan Hezkuntza alorraren arduradun politiko den Garazi Urdampilleta izan ziren, eta bakoitzak hartu zuen hitza egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko.
Proiektuak sormena, ikerketa, teknologiaren erabilera eta irakaskuntza aktiboa barnebilduko ditu. Hik Hasiko Mikel Agirrezabalak adierazi bezala, bost ildotako ibilbideak garatuko dira, bost unitate didaktikotan banatu dituztenak: Emakumeak, Ondare arkitektonikoa, Historia, Natura-eremuak eta Toponimia. Beltran de Herediak gehitu zuenez, proiektuak ikasleak jarriko ditu erdigunean; bai ibilbideen eraikuntza prozesuari dagokionez (2. DBH mailako ikasleek diseinatuko dituzte bost ibilbideak); baita herriko ezagutzaren hartzaile gisa ere (azken finean, gaztetxoak euren herria hobeto ezagutzea baita asmoa). “Hezkuntza eta komunitatea elkarlanean jartzen direnean gauza handiak lortu daitezke”, azaldu zuen Garagartzak aurkezpenean.
Lan hori egiteko, ‘Proiektu Komunitarioa’ ikasgaiko orduak erabiliko dituzte ikasleek, eta prozesua 2026ko udaberrira bitartean luzatuko da. Ondoren, Plentziako Udalak seinaleak, QR kodeak eta elementu interaktiboak jarriko ditu ibilbidearen puntu garrantzitsuenetan.
Eredu posible bat
“Plentzian gauzatzen ari garena oso interesgarria da esperimentazio prozesu moduan aztertu eta proposamen orokorrago bat osatzeko”, esan zuen Oinherriko Maite Azpiazuk aurkezpenean. Izan ere, bertan sortutako materiala eta prozesuaren diseinua beste ikastetxe eta udalerri batzuetako ‘Proiektu Komunitarioa’ ikasgairako edota tokiko curriculumen diseinurako baliagarriak izango direla uste dute eragileek. Urdampilletak ere, Udalbiltzaren ikuspuntutik, esperientzia eredugarri moduan ikusten du proiektuaren zabalkundea: “Hemen egingo dena beste herri batzuetarako ere baliagarria izan daiteke, beste leku batzuetan egindakoa Plentzian egingarria den bezalaxe. Zabaltze eta saretze horretan eragingo dugu”, gehitu zuen.
Halaber, Udalbiltzak horrelako proiektuen beharra azpimarratzen duela gehitu zuen Urdampilletak, “egun, hizkuntza, herrietako ondarea eta historia transmititzea ezinbestekoa delako”. Ibilbideak 2026ko udazkenerako martxan egotea aurreikusten da.


