Skip to main content

Loren Arkotxa, Udalbiltzako lehen lehendakari izandakoa, 80 urterekin zendu zen pasa den apirilaren 7an, Galdakaon. Ondarroako alkate gisa egin zuen gerturaketa Udalbiltzaren sorrerara; Ondarroan hiru agintaldi egin zituen.

Gaztaroan Euskal Herritik kanpo hainbat urte eman ostean, bertara itzuli eta buru-belarri ibili zen politikan, ezker abertzalearekin militatuz. Hain zuzen ere 1999 urtean ekin zion Udalbiltzak bere ibilbideari, eta Arkotxa hastapen horietan izan zen, egituraketa lanetan ez ezik, lehen lau urteetan Partzuergoaren aginte makila eramanez. 2003ra arte izan zen bertako lehendakari.

Gure herria egiten laguntzen eman du bizitzaren zatirik handiena, eta Udalbiltzak berari zor dio, hein handi batean, bidean lortutakoa. 2016an, bera bezala Udalbiltzako lehendakari izandako Mertxe Aizpuruarekin batera, elkarrizketa bat egin zioten Naiz hedabidean. Arkotxak zera esan zuen: “Udalbiltza Euskal Herrian guztiok ezagutzen dugun gauza bat bezalakoa da: xirimiria. Badirudi ez duela euririk egiten, baina euria egiten du. Udalbiltzak ere, egin egiten du, badoa bustitzen. Kohesioa bultzatzen du eta guztion erreferentziak berdinak izatea ahalbidetzen du: Hazparne, Arabako Errioxa, Ondarroa… Komunikazio arloan gehiago saiatu behar garela uste dut, bere lana ezagutaraz dezan. Lan praktikoa egiten du. Ideologia ondo dago, baina praktika behar da”.

Bere lana ere, Udalbiltzarentzat, xirimiriaren gisakoa izan da. Lurrak goxo har zaitzala, lagun.

Argazkian: Loren Arkotxa (erdian) eta Udalbiltzako beste zenbait kide, 2019an Durangon egindako Batzar Orokorrean.