• 46 udalerri, lau arte-diziplinatako 30 sortzaile eta ikusle andana bildu dituen edizio honek bi urte hartu ditu; Udalbiltzak 314.500€ eman ditu sormenerako diru-laguntzetan. Edizio guztietan handiena izan da zenbakitan.
• Sortutako obrek askotariko gaiak jorratu dituzte, baita horiek estilo ezberdinetan landu ere; gehienek, ordea, konpromiso politikoa izan dute amankomunean.
• Zirkuitu nazionala azken txanpan da: urrian, azaroan eta abenduan oraindik antzerki-emanaldi eta ipuin-bilduma, komiki-bilduma eta film labur aurkezpen batzuk egingo dira.
Geuretik Sortuak, euskarazko arte-sorkuntza sustatu eta zabaltzeko Udalbiltzaren egitasmoa, hirugarren edizioaren amaierara iristen ari da. 2025. urtearen hasieran abiatu zen eta, edizio guztiek bezala, bi urteko iraupena izango du. Amaiera begibistan izanik, balorazioa egiteko datu batzuk bildu ditugu ohar honetan.
Edizio hau izan da guztietan jendetsuena: 46 udalerrik parte hartu dute bertan, 30 multzotan banatuta; eta horietara 30 sortzaile joan ziren 2025ean zehar sormen-egonaldiak egitera. 2026a, halaber, zirkuitu nazionalak hartu du; amaierara bitarte gelditzen direnak kontuan hartuta, 160tik gora emanaldi edota aurkezpen jasoko ditu edizio honen zirkuitu nazionalak: 86 antzerki emanaldi, 20 literatur-aurkezpen baino gehiago, 14 komiki-aurkezpen, eta film laburren 46 proiekzio.
Aurrekoetan bezala, euskal sorkuntza egitarau oparoa duten zenbait herritatik igarotzeaz gain, helburu garrantzitsu bat ere bete du Geuretik Sortuak egitasmoak: euskarazko kultura-eskaintza zabalik ez dagoen Euskal Herriko bazter ezberdinetara iristea, ipar zein hego, ekialde zein mendebalde. Orotara, arrakastatsua izan da zirkuituaren bertaratzea: 5.000tik gora ikusle bildu dituzte emanaldi guztiek orain arte.
Zirkuitua ez da oraindik bukatu, ordea: urrian, azaroan eta abenduan ere lau diziplinetako emanaldi eta aurkezpen batzuez gozatzeko aukera egongo da. Kontsulta ezazu Geuretik Sortuak-en agenda aurkezpen eta emanaldi horien berri izateko.
Askotariko gai eta ahotsak
Edizio honetako dirulaguntzei eta sorkuntza-egonaldiei esker, lau arte-diziplinatako obrak atera dira aurrera: hamaika ipuin, zazpi komiki, zortzi antzezlan eta lau film labur. Oro har, gai aldetik oso aberatsa izan da sortutako obren katalogoa. Euskalduntasuna zeharkako gaia izan da sormen lan gehienetan (Aitor eta Izaro Arrutiren Mintzo zen film laburra, Kulturarte konpainiaren Frankopoleon antzezlana edota Amane Apalategiren Euskara eta gu komikian, esaterako), eta 36ko gerra hainbat alditan atera den kontua izan da (Zelako-ren Izeba Txirrita antzezlanean, edota Saioa Iribarren eta Ander Basalduaren Erraietako tximeleta eta Zigor Garroren Parfait, amour ipuinetan).
Horrez gain, etxebizitzaren auzia (amaHiru konpainiaren Etxea), adiskidetasuna (Infinitudrama-ren Promesarik txikiena), egungo ekonomia-ereduari kritika (Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedroren Kolapsoa), tratu txarrak (Metrokoadrokaren Bi baso bat ur, Oier Guillanen Kalekumea ipuina eta Alba Lozanoren Aho Beltza film laburra) edota bakardadea (Patricia Etxegarai HANKABAKOren Bi zakur eta Usue Egiaren Zeruaren erdian komikietan, edota Miren Artetxeren Haize-lekua ipuinean, kasu) izan dira jorratutako gaiak. Gehienek, ordea, ezaugarri bat izan dute amankomunean: konpromiso politikoa eta egungo gizartea zeharkatzen duten auzien gaineko aldarrikapena edota kritika egiteko asmoa.
Sortutako obrek, halaber, oihartzuna izan dute hedabideetan, batzuek kritika bikainak jaso dituztelarik. Obra horietako batzuek emanaldi-bira egiten jarraituko dute Geuretik Sortuak-en zirkuitua amaitu ostean ere; adi sortzaileek euren euskarrietatik emandako informazioari.
Bitartean, hirugarren edizioa amaitu gabe dagoela, Udalbiltzak laugarren edizioaren prestaketari ekingo dio 2026eko udazkenean. Edizio horrek 2027. eta 2028. urteetan izango du bilakaera.


