Skip to main content

• Sortzaileek azaroaren 14era bitarte (hau barne, gauerdira arte) eman ahalko dute izena, esteka honetako inprimakia betez.
• Berrikuntzekin dator edizio hau: lehen aldiz, zinegintzaren alorraren ordez, askotariko arte eszenikoentzako atal bat egongo da. Kontsulta itzazu oinarriak.
• Balioespen batzorde batek hautatuko ditu diru-laguntzen irabazleak, eta proiektu bakoitza udalerri edo udalerri-multzo bati esleituko dio. Sortzaileek udalerri horietan sormen egonaldiak egingo dituzte 2027an zehar.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoak ez du etenik: hirugarren edizioaren zirkuitu nazionalak 2026 amaierara bitarte martxan jarraituko duen bitartean, laugarrenaren izen-emate aldia jada abian da. Gaur argitaratu dira edizioan izena emateko oinarriak, eta sortzaileek bihartik azaroaren 14ra bitarte (hau barne, gauerdira arte) izango dute euren proiektuak bidaltzeko epea.

Deialdia, oinarriak eta izena emateko prozedura Udalbiltzako webguneko “Geuretik Sortuak” eta “Gardentasuna” ataletan izango dira ikusgai gaurtik aurrera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaz gain, eta bihartik (urriak 14) aurrera eman ahal izango dute bertan izena sortzaileek. Deialdiaren oinarrietan eskatutako dokumentuak honako helbideetara bidali ahal izango dira:

• Posta arrunt bidez Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa.
• Telematikoki: Udalbiltzaren webgunearen bidez, “Geuretik Sortuak” atalean topatuko duten formularioan (udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/geuretik-sortuak-beka-deialdia/).

Bi urtez luzatuko diren dirulaguntzak

Euskarazko kultura sustatu eta askotariko proiektuen bizitza-ziklo osoa (sormenetik berau gizarteratu artekoa) diruz eta azpiegituraz laguntzeko helburua duen proiektu honek indartsu hasi du laugarren edizioaren izen-emate kanpaina. Asmoa Euskal Herri osoko sortzaileek proiektuaren berri izatea da; Euskal Herriaren luze-zabaletik datozen ideiak, sentitzeko erak eta gure historia kontatzeko moduak bildu ahal izateko.

Horretarako, diziplina ezberdinetako proiektuak jasoko dira edizio honetan ere. Literatura, Komikigintza, Antzerkigintza eta Arte Eszenikoak izango dira protagonista Geuretik Sortuak-en laugarren edizio honetan. Lehen aldiz, zinegintza beste diziplina batengatik ordezkatua izango da. Arte Eszenikoen alorrak, oholtzara eraman daitezkeen proposamen berritzaile eta irekiagoak barnebildu ahal izango ditu, antzerkigintzaren mugetatik at geratzen direnak eta hibridoak izan daitezkeenak: poesia, performancea, dantza, bertsolaritza…

Balioespen Batzorde batek lau diziplinetako proiekturik egokienak hautatuko ditu urte honen amaieran, eta proiektu bakoitzari Euskal Herriko udalerri edo udalerri multzo bat esleitu. Ondoren, 2027an zehar, sortzaile horiek sormen-egonaldiak egingo dituzte egokitutako udalerrietan, eta bertako esperientzietatik abiatuta ipuin, komiki, antzezlan eta arte eszenikoetako piezak sortuko dituzte. Emaitza horiek 2028ko zirkuitu nazionalean aurkeztuko dira.

Izena emateko zenbait laguntza

Geuretik Sortuak egitasmora ideia eta proiektuak aurkezteko laguntza gisa, hilabete honetan zehar hainbat ekintza egingo dira:

Elkarrekin batera, doako bi solasaldi ireki antolatuko dira urrian zehar, aurreko edizioetako kideen presentziarekin, egitasmoan izandako bizipenei buruz hitz egin eta bertaratzen direnei edizio berriaren ezaugarriak ezagutarazteko. Lehena urriaren 20an izango da, Baionako Biltxoko elkartean, Itxaro Borda eta Miren Artetxe idazleekin; eta bigarrena, urriaren 22an, Gasteizko Elkar dendan, Aritz Ibarra eta uxue Bereziartua komikigileekin.

Horrez gain, urriaren 27an, asteartez, arratsaldeko 16:00etan, Udalbiltzak webinar bat antolatuko du izen-emate sistema ondo azaldu eta interesdunen galderak erantzuteko.