Skip to main content

Geuretik Sortuak-en hirugarren edizioa azken txanpan sartu da dagoeneko; zirkuitu nazionaleko emanaldi gehienak eginda daude jada, eta datorren udazkenean ateak zabalduko dituen edizio berria prestatzen ari da Udalbiltza.

Pasa den ekainaren 9an egin zuen Udalbiltzak, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioaren balorazio-bilera. Bertan izan ziren edizio honetan diziplina ezberdinetan beka jaso duten zenbait sortzaile, baita horiek sormen egonaldietan hartu dituzten zenbait herritako ordezkari politiko eta edizioan lagundu duen Dijitalidadeako ordezkariak ere.

Bi urtez luzatzen den edizio bakoitzaren amaieran egin ohi den bilera honetan, ondo egindakoak txalotzeaz gain, hurrengo edizioan hobetu beharreko kontuez eztabaidatu ohi da; eta hala egin zen kasu honetan ere. Oro har, sormen egonaldietako esperientzia eta emanaldi zirkuitua ondo baloratu ziren, nahiz zehaztasun batzuetan planteamendu berriak egitea proposatu.

Bertan aipatutakoak ondo idatzita, Udalbiltza hurrengo edizioaren prestaketan hasiko da udaran zehar. Euskal Herrian zehar egitasmoan parte hartu nahiko luketen udalerrien bila ibiliko da, ondoren, udazkenean, edizio berriaren izen-emate kanpainari ekiteko. Bertan, laugarren edizioaren protagonista izango diren sortzaileak hautatuko dira.

Alta, hirugarren edizioa ez da guztiz amaitu oraindik. Zirkuitu nazionalak atseden hartuko du udaran zehar, baina irailetik aurrera, oraindik izango da antzezlanen bat, edota film, komiki eta ipuin aurkezpenen bat ikusteko aukera. Udalbiltzaren webguneko agendan topa daiteke informazio guztia.

Argazkian, Argimalutak konpainiaren Txondor plaza antzezlana.