Skip to main content

• Herrietako zaintza sistema birpentsatzeko asmoz, 80 pertsona inguru elkartu ziren pasa den ostiralean, azaroak 7, Donostiako Miramon Teknologia Parkeko eraikin nagusian.
• Udalbiltzak antolatutako jardunaldi horretan, besteak beste, ‘Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak’ liburuxka aurkeztu eta bertako edukiak hitzaldi eta mahai inguruen bidez hausnartu ziren.
• Liburuxka Emagin elkarteak erredaktatu du, aditu eta arituz osatutako mahai batek urtebeteko prozesuan egindako ekarpenekin. Deskargatu hemen.

“Kapitalaren metaketa helburu nagusi izateari uko egin eta bizitza bera jarriko dugu ardatz. (…) Izan ere, asuntoa ez da bizirik irautea, baizik eta bizitzea merezi duten bizitzak eraikitzea, xamurtasunaren eta kolektibotasunaren erradikaltasunean”. Horixe irakurri zuen Nekane Berriotxoa ONEKA Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen elkarteko lehendakariordeak, pasa den ostiraleko jardunaldiaren irekieran. Berak, Oiartzungo etxez etxeko zerbitzuko langile Idoia Navarrok eta LAGA mankomunitateko gizarte langile den Junkal Otxotorenak irakurri zuten herri zaintzaileen aldeko manifestuan agertzen diren hitzak dira, eta goiz osoa iraungo zuen jardunaldian kokatzeko gakoak eman zituzten.

80 pertsona inguru bildu ziren ostiral goizean Donostiako Miramon Teknologia Parkeko eraikin nagusian, egungo errealitate soziodemografikoak planteatzen dituen erronken aurrean, herriek zaintzaren alorrean zein aldaketa egin ahal eta behar dituzten hausnartzeko. 10:00etatik 14:00etara iraun zuten hitzaldiek, tartean kaferako pausarekin; eta amaitutakoan mokadutxo batera gonbidatu zituzten bertaratutakoak.

Rol erraztailea duen gobernantza bat behar da erakunde publikoen aldetik. Tokiko eskala egokia da gobernantza molde berri horiek esperimentatzeko.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea

Herri zaintzailea bai, baina zein gobernantza eredutatik?

Eguneko lehen hitzaldi potoloak zaintza sistema berria eraikitzeko gobernantza eredu posibleak aztertzeari eskaini zion lekua. Agurtzane Solaberrietak (Usurbilgo alkate eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea) eta Leire Udabek (Olatukoop-eko kidea) hartu zuten parte bertan, eta Emagin elkarteko Ainara Santamaria izan zen dinamizatzaile.

Eredurik onena gobernantza publiko-komunitarioan sustraitzen dena zela argudiatu zuten biek, hau da, administrazio publikoaren eta komunitatearen artean harremanak eraiki eta elkarri entzuten diona. “Zaintza eraldatzea ez da aukera bat, mandatu bat baizik”, esan zuen Solaberrietak. “Horretarako, rol erraztailea duen gobernantza bat behar da erakunde publikoen aldetik. Tokiko eskala egokia da gobernantza molde berri horiek esperimentatzeko, hau da, administrazio eta komunitateen arteko elkarlanak sortzeko”.

Udabek, bestalde, gobernantza publiko-komunitarioan aurrerapausoak emateko, interes kolektiboak indibidualen gainetik jarri behar direla gogorarazi zuen: “Zaintza eraldatzeko, hori ere ezinbestekoa da. Halaber, gorputzen kontzeptua oso urrun egon da gure diskurtso politikoetatik. Gorputzak, bizitzak, erdigunean jarri behar dira”.

Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak liburuxkak ere kontuan hartu du gobernantza publiko-komunitarioaren beharra, eta administrazio publikoko langileentzako ez ezik, herrietako prozesu eraldatzaileen parte diren eragile guztientzako baliagarri izateko helburua du.

Erdi aroan, gure herrien antolaketak komunitate-logika handiagoa zuen.Gerora, industria eta trena iritsi eta ekoizpenaren logika sustatu zen: lana, aisialdia eta bizilekua ezberdintzen zuen herri-antolamenduari ekin zitzaion. Oraindik ere, logika sinple horietan gaude. Ekoizpenerako lurralde bat sortu dugu, ez bizitzak erdigunean jartzen dituena. Indibidualtasuna puskatu behar da, eta logika natural horietara itzuli.

Koldo Telleria, DUNAK elkartea

Teoriatik praktikara igarotzeko eskuhartze posibleak

Kaferako geldialdiaren ostean, jardunaldiko azken saiorako prestatu ziren bertaratutakoak. “Herri zaintzailerantz eskuhartzeak” izeneko mahai inguruan, lau partaidek hartu zuten hitza, Emagineko Miren Arangurenek dinamizatuta: DUNAK elkarteko Koldo Telleria, Matia Fundazioko Maider Azurmendi, LAB sindikatuko Txefi Roco eta Hernaniko udaleko zerbitzu sozialetako Oihane Zabaleta.

Bakoitzak bere ertzetik heldu zion zaintza sistema eraldatzeko proposamenak lurreratzerako orduan. Telleriak, zaintzaren eta lurraldearen arteko harreman estuaz, eta hori eraldatzeko beharraz hitz egin zuen: “Erdi aroan, gure herrien antolaketak komunitate-logika handiagoa zuen. Hori igarota, indibidualismoan gehiago zentratu ginen, eta gizartea banatzen hasi zen: kale zuzenak egiten, hierarkia azpimarratzen. Gerora, industria eta trena iritsi eta ekoizpenaren logika sustatu zen: lana, aisialdia eta bizilekua ezberdintzen zuen herri-antolamenduari ekin zitzaion. Orduan hasi ziren zaintzaren inguruko hausnarketak.

“Oraindik ere, logika sinple horietan gaude; ahaztu dugu ez garela makinak. Ekoizpenerako lurralde bat sortu dugu, ez bizitzak erdigunean jartzen dituena. Indibidualtasuna puskatu behar da, eta logika natural horietara itzuli”, gehitu zuen.

Matia Fundazioko Maider Azurmendik, egungo zaintza sistemaren zurruntasuna salatu zuen: “Prozedura eta burokrazian oinarritutako sistema bat dugu, non familiak duen, hortik at, pisurik handiena. Ahaztu gabe, noski, oso feminizatua dagoen sektorea dela. Gainera, oso ezberdinak diren bizitza, gabezia eta kasuistikei erantzun berdinak emateko diseinatuta dago”.

Halaber, LAB sindikatuan eta feminismoan eskarmentu handia izandako Txefi Rocok zaintzaileak lehen lerrora ekartzeko aldarria egin zuen. “Historikoki sistema honetan zaintzak ikusezin izan dira eta, beraz, zaintzailearen baldintzak, kaxkarrak. Zaintzak beste aintzatespen bat izango balu, hori ekonomikoki beste era batera islatuko litzateke”. Horretarako, kontratazio publikoa sustatu eta klausulak erredaktatu behar direla aldarrikatu zuen, lan-baldintzak duintze aldera. “Zaintzaileen zaintza ikerketaren eta homologazioaren bidez sustatuko da; baita herri harrera sare indartsu baten, euskara lantzeko aukeren eta sentsibilitate interkulturalaren bitartez ere”.

Amaitzeko, Oihane Zabaleta zaintza-erregimenaren pisu guztia gizarte zerbitzuetan jartzearen arriskuez mintzatu zen: “Erregimenak itogin asko ditu, eta gizarte zerbitzuek ezin dituzte horiek guztiak konpondu. Gorputzez gain, gobernantza aldetik, gizarte zerbitzuak ere erdigunean jarri behar dira, eta ez ertzean. Burokrazia etengabeak zaintza integrala eskaintzea oztopatzen du, zaintzara eskainitako departamenduak egun kaxoi itxiak direlako. Konektoreak sortu behar dira kaxoi horien artean”.

Azken mokaduaren aurretik, jardunaldia dinamika batekin amaitu zen; mahai inguruan azaldutakoak inplementatzeko aukera eta oztopoak lantaldean aztertzeko, eta beste zenbait proposamen botatzeko abagunea eskaini zuena. Liburuxkan azpimarratzen den bezala, bertan idatzi eta hitz egindakoak prozesu baten hasiera direlako, ez amaiera.