Skip to main content

Gure Monetaren proiektuak jada badu izena, HEKO, baita billeteen diseinu propioa ere. Irailaren 26an Elizondon aurkeztu zituzten biak. Ehunka proposamenen artean hautatutako billeteen lehen prototipoa erakutsi zen bertan, baita elkartearen Batzar Orokorra egin ere, non funtzionamendurako oinarriak eta lehendakaritza bikoitza onartu zituzten. Billeteak Baztanen eta Oarsoaldean jarriko dira erabileran urte amaieran.

Hegoaldeko, herritarren ekonomia, herriz herriko ekonomia, ekologia… Proiektuaren DNAn txertatutako kontzeptu askorekin lotutako izena hartu du proiektuak.

Hegoaldeko moneta martxan jartzeko prozesuan, elkarlan estua eman da Euskal Monetako kideekin (Eusko monetaren ardura duena), bi proiektuen arteko sinergiak
eta etorkizunera begirako bide partekatuak aztertzeko. Euskal Monetako kideek erabaki dute hegoaldeko monetak ez dezala Eusko izena hartu. Dena den, mugaz gaindiko ikuspegi batetik elkarlanean aritzeko borondatea adierazi dute bi elkarteek, etorkizunera begirako bide partekatua lantzeko, bai gobernantzaren ikuspegitik zein bi monetak bateragarriak izan daitezen egin beharreko bide juridikoari dagokionean. Monetaren izena aurkeztearekin batera heko.eus webgunea ere martxan jarri zuten, non proiektuaren xehetasun guztiak azaltzen diren eta bazkide egiteko aukera ematen den.

Billeteen diseinua, herritarren proposamenetan oinarrituta

Heko-etan ordaintzeko moduetako bat billete fisikoak erabiltzea izango da. Horretarako, 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 Heko-ko billeteen diseinua lantzen ari dira.

Diseinu prozesuari ekin aurretik, uztailean billeteetarako proposamenak jasotzeko galdetegi bat jarri zen abian eta, horri esker, ia 400 lagunen ehundaka proposamen jaso dira.

Jasotako proposamenak aztertu zituen proiektuko lantaldeak eta iruditeria lantzeko irizpideak zehaztu zituen. Besteak beste, euskal lurralde, ohitura eta paisaien aniztasuna jasotzea, hirigune zein landaguneak erakustea, pertsona zehatzen irudirik ez erabiltzea… Irizpide eta proposamen hauek diseinu-arloko profesionalen esku jarri dira eta beraiek izan dira billeteen diseinuak lantzearen ardura hartu dutenak.

Larunbateko aurkezpenean billete baten prototipoa aurkeztu zuten. Azaldu zutenez, datozen asteetan zehar billete guztien behin betiko diseinuak aurkeztuko dituzte.

Billeteen diseinu orokorraz gain, billeteen alde bat ezberdina izango da erabiliko den lurraldearen arabera. Zentzu horretan, Baztan eta Oarsoaldeko elementu ezberdinak
aukeratu dira.

Diseinuaz gain, modu berezian zaindu den elementu bat segurtasun neurriena izan da. Sektoreko profesionalen eskutik, billeteetan sei segurtasun neurri txertatu dira.

Heko-ak erabiltzeko aukera

Heko-ko dinamizatzaileak lanean ari dira Baztango eta Oarsoaldeko establezimendu zein profesionalak proiektura batzeko. Hauek ezinbesteko funtzioa betetzen dute
proiektuan; izan ere, norbanakoek espazio horietan erabili ahal izango dituzte beraien Heko-ak. Dagoeneko 40tik gora dira bat egin dutenak.

Heko-en bidez ordaintzeko hiru modu egongo dira:

  • 1, 2, 5, 10, 20 eta 50 Heko-ko billete fisikoak.
  • Datozen egunetan deskargagarri jarriko den Hekopay aplikazioa.
  • QR bat daukan txartel fisikoa.

Kasu guztietan, Heko-a erabiltzeko beharrezkoa izango da elkarteko bazkide izatea. Bazkide diren pertsonek beraien euroak Heko-engatik trukatu beharko dituzte horretarako ezarriko diren trukeguneetan.

Bazkidetza kanpaina: Herriz herri, moneta bat

Ekitaldian azaldu zutenez, martxa onean doa Heko babesteko bazkidetza-kanpaina. ‘Herriz herri, moneta bat’ kanpaina aurkeztu zuten urte hasieran eta dagoeneko 250
bazkide baino gehiago lortu dituzte.

Heko-a posible egiteko bazkide gehiago izatearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuten aurkezpenean. Bazkide egitea erabakitzen dutenek proiektua ekonomikoki babestuko dute, beraien gaitasunaren arabera. Euskal Herri osoko bazkidetzak jaso nahi dituzte; izan ere, bazkide egiteak proiektua babestea esan nahi du, Oarsoaldea eta Baztandik hasita, baina gutxinaka herriz herri zabaldu dadin. Norbanako zein enpresa eta elkarteak ere bazkidetu daitezke heko.eus webgunearen bidez.

Elkartearen Batzarra

Monetaren izena eta billeteen diseinuak aurkezteaz gain, elkartearen Batzar Orokorra ere egin zuten joan den larunbatean. Bertan, besteak beste, estatutuak, barne-araudia eta organigrama ere aurkeztu zituzten, lehendakaritza bikoitza (Aitziber Arnaizek eta Iñigo Gorrotxategik osatua) barne.

Eragileen babesa

Norbanako bazkideetaz gain, hainbat eragile ere bazkide egin dira dagoeneko: aek, Berria, Bilgune Feminista, EHKOlektiboa, Ikastolen elkartea, Ipar Hegoa Fundazioa, LAB
sindikatua, Labore Oarso, Olatukoop, Talaios kooperatiba, TaPuntu kooperatiba eta Teks elkartea.

Gainera, hainbat dira babes ekonomikoa ematen duten erakundeak: Udalbiltza, Baztango Udala, Errenteriako Udala, Lezoko Udala, Oiartzungo Udala, Pasaiako Udala,
Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia.