Skip to main content

Hilaren 18an, Energia Komunitateen bigarren mailako sarearen balorazio bilera egin zen Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertan izan zen Haritz Alberdi, Udalbiltzako lehendakaria, eta jasotakoaren inguruko iritziak eta aurrera begirako pausuak izan ditugu hizketagai.

Udalbiltzak energia komunitateen bigarren mailako sare formal bat eraikitzeko prozesua abiatu du. Zertan oinarrituko da prozesua?

Batetik, Udalbiltza beraren jardunean. Izan ere, Udalbiltza proiektu berriztagarrien sustenguan eta beraien eskalatzean buru belarri jarri da. Bestetik, Udal eta herrietako energia komunitateen beharrei erantzuteko eskaera luzatu zaigu. Azkenik, gaiaren inguruan antolatu izan ditugun topaketetan, azkena Legorretan, mandatu hori eman zaiolako Udalbiltzari.

Zergatik abiatu lanketa energia komunitateetatik?

Herritarrak energia komunitateen baitan antolatzen dira eta ahalduntze eta botere-hartze horretatik energia burujabetzan aurrera egiten dute. Jardun horretan beharrak sortzen doaz eta ezagutzak pilatzen. Bigarren mailako egitura hori beraien premia eta ideietatik irten da eta logikaz haiek egon behar dute prozesu burujabe horren zentroan.

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua halako azpiegitura bat abiatzea?

Komunitateen eguneroko errealitateei erantzun bat emango liokeelako. Bestalde, erronka zabalagoei aurre egiteko gorputz zabal horrek indar gehiago izango lukeelako,  praktika honek gure herria artikulatzen lagundu dezakeelako eta azkenik, gure lurralde txiki hau esperimentaziorako laborategi polita delako.

“[Badakigu] ezagutza konpartituz, eta bakoitzak berea aportatuz, bidea elkarrekin egiteko prest dauden eragileak ditugula. Udalbiltzak konplizitate horiek bultzatuko ditu”.

Zeintzuk dira sarearen ezaugarri nagusienak?

Prozesuak berak erakutsiko digu sarearen nolakotasuna zein izango den. Badakigu energia komunitateak erdigunean egongo direla. Baita Euskal Herri luze eta zabala izango duela joko-zelai. Eta interes orokorra, demokratikoa, eredu jasangarri eta arduratsua bezalako ideiak irteten doaz baina datozen hilabeteetako lana izango da hori lotzea.

Zer nolako papera betetzen du interkooperazioak prozesu honetan? Zergatik da garrantzitsua eragileen eta erakundeen arteko elkarlana?

Gai honetan ere, interes orokorra lehenesten dugu eta ulertzen dugu hori gaiaren inguruan lanean ari diren eragile eta instituzioekin batera egin behar dela. Sinisten dugu ere, ikuskera hori duten agenteak existitzen direla. Ezagutza konpartituz, eta bakoitzak berea aportatuz, bidea elkarrekin egiteko prest dauden eragileak ditugula. Udalbiltzak konplizitate horiek bultzatuko ditu.

Noizko amaituko da prozesua? Eta ostean, zer?

Udara hartu dezakegu lehen etapa honen mugarri bezala. Datozen hilabeteetan guztion artean ateratzen ditugun ondorioak, bigarren mailako sare formal hori kasu, martxan jartzeko proposamena egin eta urratsak ematea izango litzateke hurrengo pausua.