Martxoaren 7an Donostiako Kursaalen aurkeztu zenetik, Ehnergia Sareak atsedenik gabe jarraitu du bere bidea egiten. Sarearen parte izango diren udalerri batzuk mobilizatzen eta euren aletxoa jartzen hasiak dira jada, eta honezkero, hamalau Energia Komunitate egin dira Sare honetako bazkide.
Enhergia Sarea energia komunitateak batu eta, elkarrekin, energia burujabetzaranzko bidea egiteko sortu zen. Helburuen artean ditu, besteak beste, Euskal Herriko energia komunitateen ordezkaritza eta kudeaketa egitea, energia trantsizio iraunkorraren aldeko politika publikoak sustatzea, pobrezia energetikoaren aurkako borrokan laguntzea edota euren energia-kontsumoaren eragina murriztera bideratutako jarduerak sustatzea.
Aurkezpen ofiziala egin osteko hilabeteetan, helburu horiek lortzeko lanketa abian jarri dute proiektuaren sustatzaileek; hala nola, legediaren markoa finkatzea edota sarearen parte izango den bazkidegoaren soslaiaren definizioa.
Bazkideen artean, udalerriak, energia komunitateak, erakunde publikoak edota norbanakoak egon daitezke, bakoitzak zeregin ezberdina izango duelarik sarearen baitan, baita zerbitzu ezberdinak jaso ere. Hala, Euskal Herriko zenbait udalerri eta toki erakunde hasi dira dagoeneko Ehnergiaren parte izateko erabakia baieztatzen euren batzarretan; besteak beste, Ipar Euskal Herriko Hautetsien elkartea, Udalbiltza Partzuergoa, eta Ziortza Bolibarko, Araizko, Berako, Oñatiko, Orexako, Getariako, Mutrikuko eta Itsasondoko Udalak ere.
Egunetik egunera sarea ehuntzen ari da. Orain arte bat egin duten energia komunitateak hauek izan dira: Ziortza-Bolibarko Bolintxu Koop. S. (Bizkaia), Oñatiko Oneko (Gipuzkoa), Uribe-Butroiko UBEK (Bizkaia), Enherkom Hernanin (Gipuzkoa), Eskoriatzako Esnargi (Gipuzkoa), Azpeitiako Ekindar (Gipuzkoa), Orexako Energia Berriztagarrien Kooperatiba (Gipuzkoa), Bixtu Bera (Nafarroa Garaia), Etxaurindarra Etxaurin (Nafarroa Garaia), Elgetako Ixotzen (Gipuzkoa), Otxandioko Oreka (Bizkaia); LBEkiola Leintz Bailaran (Gipuzkoa), Araizko Otsots (Nafarroa Garaia) eta Hitzar, Itsasondon (Gipuzkoa).

