Geuretik Sortuak ekimenaren hirugarren edizioak haizea alde duela eman ditu lehen pausuak. Pasa den urtarrilaren 24ean Iruñean beka jaso duten artistak eta parte hartuko duten udalerriak aurkeztu ostean, egonaldien garaiari hasiera eman zitzaion; eta horietako batzuk jada gauzatzen hasi dira.
Guztietan lehena Alba Lozano zinegile barakaldarra izan da. Zumaiako udalerria esleitu zaio bere film laburraren proposamena garatzeko, eta bertan igaro ditu sormen egonaldiak baimentzen dizkion 21 egunetatik lehen lauak, otsailaren 14tik 18ra bitarte. Bere hitzetan, filmaren kokapenak hautatzeko asmoarekin egin du lehen egonaldi hau. Lozanoren ikus-entzunezkoak laneko jazarpena izango du ardatz; istorioak Zumaian bertan kokatuta dagoen film baten grabaketa kontatuko du. Hala ere, Lozanok dioenez, istorioaren nondik norakoak oraindik zehazteke daude.
Komikiaren alorrean ere egonaldiak hasi dira: Eñaut Aiartzaguena izan da lehena. Berari Ataun eta Etxarri Aranatz egokitu zaizkio, Aralar mendizerrak batzen dituen gipuzkoar-nafar binomioa. Lehen egonaldi hau, otsailaren 24tik martxoaren 2ra bitartekoa, Ataunen egingo du, eta bertan hasiko da zirriborratzen bere komiki lana. Gaia zehaztu gabe du oraindik; bi herrietako idiosinkrasian murgildu nahi du horretarako, eta, batez ere, bi herrietako eskoletako haurrekin landu nahi ditu pertsonaiak.
Beste egonaldi batzuk jarraian dira hastekoak: Goiz Eder Iturain idazlea Arantzara joango da datorren astean; Miren Artetxe idazlea, halaber, Atxondon izango da hurrengoan; eta Maitane Nerekanek martxoaren erditik aurrera egingo du Amasa-Villabonan bere idazlana, besteak beste.
Geuretik Sortuak kultur ekimenaren hirugarren edizioak inoiz baino sortzaile eta udalerri gehiago bildu ditu. 30 sortzaile izango ditugu aurten: zortzi komikigile, hamar idazle, zortzi antzerki konpainia eta lau zinegile. Udalerriak, bestalde, 46 izango dira aurten, 30 multzotan banatuta.

Argazkia: Nitya Lopez