Skip to main content

Sormenean oparoa izan den 2025 honen ostean, Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldi honek eman eta emango dituen fruituez gozatzeko unea iritsi da. 2026. urtea izango da fruitu horiek dastatzeko garaia, zirkuitu nazional baten bitartez. Albiste honetan topatuko dituzu dizio honetatik ateratako lanak eta 2026rako espero direnak.

Aurkezpen ofiziala: otsailak 6

Zirkuitu orok bere aurkezpen ekitaldia behar duenez, hitzordu eder eta berezia prestatu du Udalbiltzak otsailaren 6ko iluntzean. Hernanin izango da (Gipuzkoa); bertara edizio honetan parte hartu duten udalerrietako ordezkariak eta bekadun sortzaileak gonbidatuko dira eta, aurkezpen labur baten ostean, Geuretik Sortuak proiektuan oinarritutako bertso-saio batez gozatzeko aukera egongo da. Hitzordua Biteri aretoan izango da. Gorde data!

‘Agenda’ eta ‘Emaitzak’ atal berriak

Udalbiltzaren webguneko Geuretik Sortuak atalean bi eremu berri gehitu ditugu; ‘Agenda’ eta ‘Emaitzak’. Lehenengoan, aipatu zirkuitu nazionaleko data guztiak ikusgai dituen egutegi bat ageri da, ekitaldi bakoitza modu errazean kontsultatzeko aukera ematen duena. Egitaraua osatzen joan ahala eguneratuko da. Bigarrenean, bestalde, sortutako lan guztien inguruko informazioa egongo da eskuragarri, baita literatur eta komiki lanak deskargatu eta irakurtzeko aukera ere.

Komikigintza

Komikigintzakoak izan dira lehenak euren lanak argitan ikusten. Zazpikiak bat izeneko bilduman, beka jaso duten zazpi komikigileen lanak topa daitezke. Eñaut Aiartzaguenak Etxarri-Aranatzen eta Ataunen arteko gerra garaiko estraperloa irudikatu du; Amane Apalategik, Hernaniko zenbait herritarrek euskararekiko duten harremana; Uxue Bereziartuak Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko Neskato onak irudikatu ditu; Usue Egiak, Legorretatik, bi txoriren arteko elkarrizketa; Patricia Etxegaraik, Ziortza-Bolibarko etxea utzi behar duen emakume baten gorabeherak; Eneritz Ibarrak Atharratzeko hormetan topatutako mezu misteriotsu batzuen istorioa; eta Asier iturralde “Gaston”ek, azkenik, Mutrikuko gida gastronomiko berezi bat. Argitalpena denda ezberdinetan dago eskuragarri, eta 2026an zehar aurkezpenak egingo dira Euskal Herriaren luze-zabalean.

Antzerkigintza

Estreinaldiak izaten hurrenak antzerkigintzako sortzaileak izango dira. Zortzi dira hirugarren edizio honetan beka jaso duten konpainiak; inoiz baino gehiago. Urtarrilaren 9an izango da lehen estreinaldia; Infinitudrama konpainiaren Promesarik txikiena, Leitzan. Horien ostean etorriko dira, hurrenez hurren, Zelako Kultur Ideiak konpainiaren Izeba Txirrita; Kulturarte konpainiaren Frankopoleon; amaHiru konpainiaren Etxea; Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian; Metrokoadroka konpainiaren Bi baso bat ur; Argimlautak konpainiaren Txondor Plaza eta Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedroren Kolapsoa.

Literatura

Ipuinez osatutako bildumak urtarrilean edo otsailean ikusiko du argia. Honen inguruko informazioa ez dago oraindik eskuragarri, baina hamaika ipuin bilduko ditu, eta Hamaika irakurtzeko jaioak izango du izenburu. Horiek idazteko, Atxondon egon da Miren Artetxe Sarasola, Gorlizen Maitane Perez, Amasa-Villabonan Maitane Nerekan Umaran, Nafarroako Goi Erriberan Zigor Garro, Baigorrin Naia Arantzamendi, Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan Oier Guillan, Ikaztegietan Peru Calabaza Saban, Oiartzunen Saioa Iribarren eta Ander Basaldua, Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan Goiz Eder Iturain, Asparrena eta Ziordian Ixabel Agirresarobe, eta Ortzaizen Garazi Albizua.

Zinea

Film laburrak egingo dituzten lau zinegileak buru-belarri ari dira lanean, urtearen hondarretan euren lanak amaitu ahal izateko. 2026. urte hasieran ikusiko dute argia lau laburrek, Lau Haizeetara izenpean. Alba Lozanok Zumaian grabatu du berea; Olatz Ovejerok Larrabetzun; Raul Barrerasek Baztanen, eta Izaro eta Aitor Arrutik Elorrion.

amaHiru konpainiaren emanaldia, Iruñean egindako aurkezpenean