Skip to main content

Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioak ekarritako emaitzetatik, azkenak argia ikusi du dagoeneko: Lau haizeetara film labur bildumak, alegia. Lau zinegileren lanek osatu dute bilduma hau; bakoitza, egitasmoaren oinarriei jarraiki, Euskal Herriko txoko ezberdin batean errodatua.

Iazko sormen egonaldietan ondu zituzten Aitor eta Izaro Arrutik, Alba Lozanok, Olatz Ovejerok eta Raul Barrerasek euren film laburrak; gidoien idazketatik hasita, horien grabaketak burutu arte. Orain, edizio eta post-produkzio lanen ostean, lau lanak ikusgai daude jada. Film labur bakoitzak bere identitate propioa mantentzen duen arren, horiek Lau Haizeetara izeneko bilduman aurkeztuko dira, Euskal Herriko udalerri ezberdinetan egingo diren saioetan.

Aitor eta Izaro Arruti Elorrion izan dira euren film laburra errodatzen. Jonen istorioa kontatzen du Mintzo zen lanak: euskaraz mintzatu ezin den leku batean, gure protagonista isiltasunean mintzatuko da, memoriaren, duintasunaren eta bere ama hizkuntzaren aldeko azken ahaleginean.

Alba Lozano bizkaitarrari, bestetik, kostaldeko herri bat egokitu zaio bere lana ontzeko: Zumaia. Aho beltza izeneko laburrean metazinea egitea erabaki du, Miren izeneko pertsonaiaren azken filmaketa eguna eta osteko festa irudikatuz.

Olatz Ovejerok, bestetik, Ikusi Makusi izeneko film laburra osatu du Larrabetzun. Haurrak hartzaile gisa kontuan hartu dituen lana da Ovejerorena. Eskolan, haur talde batek fikziozko abentura bat asmatu nahi du, eta horretarako emakume misteriotsu bat sortuko dute. Ideia horrekin liluratuta, basora abiatuko dira haren bila, fikzioa eta errealitatea nahasten diren lurralde lausora sartuz. Bidean, zalantzak eta mirari txikiak agertuko dira: norberak sinesten duena benetan existitu daiteke?

Amaitzeko, Raul Barreras Baztango paraje ederretan izan da bere laburra errodatzen. Bertako esperientziatik, Bitartean, gero sortu du, kontrastez beteriko zinema garaikide batera joz: Baztango haranera bost bidaiari iritsiko dira patinete elektrikoetan, beren garaitik desagertutako keinu eta emozioen bila. Biztanleen artean eta paisaiaren erritmoan, haien behaketa pixkanaka porotsua bilakatuko da; errealitatea fikzioarekin nahastu, eta ikerketa hotz gisa hasi zena intimitatera eta ezinegonera daraman iratzartze bihurtuko da.

Film labur hauek guztiak batera ikusteko parada egongo da datozen asteetan, Lau Haizeetara bildumaren baitan. Gaur bertan Baztanen aurkeztuko da, Raul Barrerasen konpainian; eta hurrengo saioen inguruko informazioa Udalbiltzaren webguneko agendan egongo da ikusgai.