Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioa hasi da dagoeneko bere fruituak ematen. Gaur, Udalbiltzak Zazpikiak bat izeneko komiki bilduma aurkeztu du Donostian, bertan parte hartu duten komikigileetako batzuen presentziarekin. Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai ‘Hankabako’, Asier Iturralde ‘Gaston’, Eñaut Aiartzaguena, Eneritz Ibarra eta Amane Apalategi izan dira bilduma honi arima jarri dioten komikigileak. Bakoitzak herri edo herri multzo batean egin du egonaldia.
Geuretik Sortuak proiektuaren esentziari jarraiki, komikigile bakoitzak esleitu zitzaion herrian sormen egonaldia egin du urtean zehar, bertako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko, sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikiz. Horrekin, zazpi ataleko lana osatu da azkenik, Zazpikiak bat izeneko komiki-bilduma. Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek izenburuaren iturburua eta zergatia azaldu ditu gaur Donostian egindako aurkezpenean: “Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak”.
Lekunberri, Larraun, Araitz eta Beteluko Neskato onei buruz aritu da Uxue Bereziartua bere lanean; Usue Egiak Zeruaren erdian kontakizuna ondu du Legorretan, bi hegaztiren bidez herrietako genero-disidentzien bizipenak plazaratuz; Patrizia Etxegarai ‘Hankabako’-k Ziortza-Bolibarren etxea uzteari buruzko istorioa sortu du; Mutrikuko Gastronomika landu du Asier Iturralde ‘Gaston’-ek, historiatik gure sukaldeetara datorren saiakera grafikoan; Eñaut Aiartzaguena Ataun eta Etxarri-Aranatz artean aritu da 1936ko estraperloari buruzko kontakizuna lantzen Legez kanpo komikian; Eneritz Ibarrak Atharratzen sortu du Begi hütsez ezin ikusi lana, herrian agertutako mezu misteriotsu batzuetatik abiatuta; azkenik, Amane Apalategik Euskara eta gu lana egin du Hernanin, euskararekiko harremanei buruzkoa. Zazpi estilo eta kontaera oso ezberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotu dira lan bakarrean. Dijitalidadea aritu da edizio-lanetan, eta Alots Arregik egin du azala.
Hemendik aurrera, zer?
Bildumaren argitalpenarekin ez da bidea amaitzen. Azaroaren 21ean eta 22an, Hernanikomik azokan egongo da salgai, eta 21ean komikigileak bertan izango dira haien lana aurkezten. Durangoko azokan ere izango da eskuragarri Zazpikiak bat eta, horrez gain, abenduaren 5ean, ostiralez, arratsaldeko seietan ekitaldia izango da Durangoko Museoan Geuretik Sortuaken hirugarren edizioaren aurkezpen osatu bat egiteko, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkarirekin batera.
Geuretik Sortuak egitasmoari daogkionez, 2026a ere lepo dator: urtarrilaren 30ean egingo da hirugarren edizioko aurkezpen-ekitaldia Hernanin, eta Udalbiltzak berrikuntza bat aurkeztuko du bertan. Izan ere, Bertsozale elkartearekin elkarlanean, bertso saio tematiko bat antolatu du, eta orduan egingo da bira horren lehen saioa.
Horrez gain, urtarriletik aurrera antzerkigintza, zinemagintza, komikigintza eta literatura-aurkezpenen zirkuitua ere hasiko da, eta herriz herri ikusi ahal izango dira sortzaileek egindako lanak. Agenda udalbiltza.eus webgunean egongo da ikusgai.


