Skip to main content

• Hernanin egindako ekitaldian, hirugarren aldi honetan sortutako lanak erakutsiko dituen zirkuitu nazionala aurkeztu da, edizioan parte hartu duten herrietako ordezkarien eta bekadun izan diren sortzaileen laguntzarekin.
• Literatura, komikigintza, zinegintza eta antzerkigintza alorretako 30 lan hautatu dira aldi honetan; 30 lan horiek herriz herri aurkeztuko dira 2026an zehar. Kontsulta ezazu agenda.
• Ekitaldiaren ostean, bertso saio tematikoa eskaini dute lehen eta bigarren aldietan parte hartu duten zenbait bertsolarik.

Gonbidatuak Hernaniko Biteri Kultur Etxera sartu bitartean, nabaria da ostiral arratsaldeko aldarte alaia. Gaur, Udalbiltzak bere kultur egitasmoaren hirugarren aldiak eman dituen fruituak aurkeztu ditu: Geuretik Sortuak-en III. zirkuitu nazionala. Hirugarren aldi honetan parte hartu duten 46 udalerrietako zenbait ordezkari, baita sortzaile bekadun batzuk ere, izan dira bertan.
Hernaniko alkate Xabier Lertxundik egin dio ekitaldiari harrera, herriaren izenean. Ondoren, Udalbiltzak hartu du hitza: Haritz Alberdi lehendakaria eta Clara Rouget zuzendaria igo dira oholtzara, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. “2020an, egitasmoa sortu zenetik, helburu bakarra izan du Geuretik Sortuak-ek: Euskal Herrian euskaraz sortutako lanen eskaintza handitzea, eta sortzaileei euren sormena garatzeko espazioa eta baliabideak ematea”, azaldu du Alberdik. “Hiru edizioren ostean, pozez esan dezakegu Euskal Herriko sormenaren egoera oparoa, askotarikoa eta osasuntsua dela”.
Halaber, proiektuaren sostengu diren udalerrietan jarri du fokua Rougetek: “Geuretik Sortuak bezalako proiektuak ez lirateke aurrera aterako, Euskal Herriaren luze-zabalean euren konpromezua adierazi duten udalerri horiek gabe. Proiektu honen funtsa, sortzaileak euren bizilekuetatik atera eta, Euskal Herriko herri edo herri multzo batean, sormen egonaldi bat egin dezaten bermatzea da; eta hori udalerrien borondatearekin soilik atera daiteke aurrera”, azaldu du.

30 lanez gozatzeko aukera

Zazpikiak bat komiki-bilduma 2025eko azaroan argitaratu zen arren, eta antzezlan batzuen estreinaldiak 2026ko urtarrilean egin diren arren, otsailaren hasierara arte itxaron du Udalbiltzak zirkuituaren aurkezpen bateratua egiteko. Izan ere, alor bakoitzeko lanen entregatzeek epemuga ezberdinak izan dituzte. Udalbiltzako kultur teknikari Maria Osesek aurkeztu ditu hirugarren aldi honetako sormen egonaldietatik jaio diren 30 lanak:
Kronologiari erreparatuz, komikigintza izan da argia ikusi duen lehen alorra. Zazpikiak bat lanaren baitan, zazpi komikigileren lanak bildu dituzte: Eñaut Aiartzaguenak Etxarri-Aranatzen eta Ataunen ondu du Legez kanpo lana; Amane Apalategik, Euskara eta gu sortu du Hernanin; Uxue Bereziartuak Larraun, Betelu, Araitz eta Lekunberriko Neskato onak irudikatu ditu; Usue Egiak, Legorretatik, Zeruaren erdian; Hankabakok, Bi zakur lana sortu du Ziortza-Bolibarren; Eneritz Ibarrak Begi hütsez ezin ikusi Atharratzen; eta Gastonek, azkenik, Gastronomika Mutrikun.
Antzerkigintzan, zortzi lan garatu dira hirugarren edizioan. Infinitudrama konpainiak Promesarik txikiena, Leitzan eta Berastegin; amaHiru konpainiak Etxea lana Hiriburun; Zelako Kultur Ideiak-ek Izeba Txirrita Astigarragan; KulturarteCo.-k Frankopoleon Plentzian; Argimalutak-ek Txondor plaza Berriatuan; Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian Muxikan eta Ajangizen; Metrokoadrokak Bi baso bat ur Galdakaon; eta Jon Ander Urrestik eta Matxalen de Pedrok Kolapsoa Usurbilen.
Literaturari dagokionez, Hamaika irakurtzeko jaioak izenburupean argitaratu dira edizio honetako hamaika ipuinak. Horiek sortzeko, Atxondon egon da Miren Artetxe Haize-lekua ipuina idazten; Gorlizen sortu du Liztorren akabera Maitane Perezek; Amasa-Villabonan izan da Maitane Nerekan, Maitasunak mozolo aurpegia du ipuina sortzen; Nafarroako Goi Erriberan idatzi du Zigor Garrok Parfait amour; Baigorrin idatzi du Kafe asko, eta ona Naia Arantzamendik; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan sortu du Oier Guillanek Kalekumea; Ikaztegietan idatzi du Peru Calabazak Atizabalik; Oiartzunen idatzi dute Erraietako tximeleta Saioa Iribarrenek eta Ander Basalduak; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan, Goiz Eder Iturainek Etxe dotore aunitz ipuina sortu du; Asparrena eta Ziordian izan da Ixabel Agirresarobe Hau, hori, (h)ura kontakizuna sortzen; eta Ortzaizen idatzi du Hotsak Garazi Albizuak.
Amaitzeko, zinegintzaren esparruan, lau film laburrek ikusi dute argia Geuretik Sortuak bekari esker. Lau haizeetara izenburupean, honako lanak ondu dituzte sortzaileek: Alba Lozanok Aho Beltza Zumaian; Raul Barrerasek Bitartean, gero Baztanen; Aitor eta Izaro Arrutik Mintzo zen Elorrion; eta Olatz Ovejerok, Ikusi Makusi Larrabetzun.
Lan hauen guztien aurkezpen eta emanaldiez non eta noiz goza daitekeen jakiteko, bide ezberdinak daudela argitu du Osesek ekitaldian. Interesa duen orok Udalbiltzaren webguneko Geuretik Sortuak atalean dagoen agendan egin dezake kontsulta; aldiz, soilik Ipar Euskal Herriko emanaldien nondik norakoak jakin nahiko balitu, EKE erakundearen agendara jo dezake. Hamaika Telebista eta Kanaldude ere egitasmoaren komunikazio-zabalkundean laguntzen ari dira, lankidetza-hitzarmen bidez.

Amaitzeko, bertso saio tematikoa

Ekitaldiari amaiera emateko, mokadu baten ostean, Geuretik Sortuak egitasmoan oinarritutako bertso saio tematikoa eskaini dute Biterin. Bertan parte hartu duten bertsolari eta artistak Geuretik Sortuak-eko aurreko aldietan hautatuak izandakoak dira. Ainhoa Urien izan da gai-jartzaile; bertsotan, aldiz, Sarai Robles, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi izan dira. Bitartean, Uxue Bereziartua hernaniarrak ilustrazioak egin ditu zuzenean, bertso-saioak iradokitako kontzeptuekin.