Skip to main content

Euskal Herriko lehenengo Ardi Moztaileen Txapelketa egin zuten iragan den larunbatean, Abadiñon. Euskal Herriko Ardi Moztaileen Elkarteak antolatutako hitzordua herriko probalekuan izan zen, eta Udalbiltza ere babesle gisa izan zen bertan. Bertako irabazleak, 2026an Zeelanda Berrian egingo den Ardi Moztaileen mundu mailako txapelketan lehiatuko dira.

Orotara, Euskal Herriko zein nazioarteko 42 ardi moztailek hartu zuten parte bertan, eta 700 ardiri moztu zieten ilea, artaziz eta makinaz. Joseba Attard elkarteko lehendakariak Berriari eskainitako hitzetan, “Txapelketaren helburua da, batetik, hemengo jendeari erakustea ardi mozketa lehiakorra zer den eta, bestetik, kanpotik etorritakoei erakustea gai garela horrelakoak antolatzeko”. Izan ere, munduko ofizio eta industriarik zaharrenetarikoari fokua jartzea da elkartearen eta txapelketa hauen helburuetako bat.

Ardi moztaileen lehiaketa batean, abiadurak ez du irabaztea ziurtatzen. Ilea txukun eta ardia zauritu gabe mozteak ere badu garrantzia; beraz, bi faktoreak, bikortasuna eta txukuntasuna, uztartzea da gakoa. Larunbateko txapelketan hainbat mailatan lehiatu ziren moztaileak: open mailan (nazioarteko beste hainbat lehiakiderekin, alegia), senior mailan, eta Euskal Herrikoan; bakoitzean artaziz zein makinaz. Euskal Herrikoan, Joseba Ugalde lezamarra izan zen irabazlea artazien modalitatean; makinarekin, aldiz, Mikel Etxebarria dimoztarra. Bi horiek 2026an Zeelanda Berrian egingo den Ardi Moztaileen mundu mailako txapelketan izango dira, oraindik hautatu ez diren beste bi kiderekin batera, euskal selekzioa ordezkatuz.

2023an Eskozian jokatutako Munduko Txapelketaren ondoren, ofizialtasuna aitortu zioten Euskal Herriko Ardi Moztaileen selekzioari. Zeelanda Berrikoa beste urrats handi bat izango da, Attarden hitzetan. Udalbiltzak ofizialtasun hau babesten jarraituko du.

Argazkia: Ardi Moztaileen elkartea.