Skip to main content

2025ean zehar aurrerapausoak eman dira Energia Komunitatez osatutako bigarren mailako sarea eraikitzeko bidean. Prozesu horren parte izan da, besteak beste, Joxe Manuel “Gallur” Zubillaga Mugerza, Araizko alkatea, eta haren ikuspuntutik ezagutu nahi izan ditugu nondik norakoak.

Energia Komunitateen sarea eraikitzeko prozesuan parte hartu duzu hasieratik. Nola bizi izan duzu lanketa? Zergatik parte hartu duzu?

Udalbiltzak energia komunitateen inguruan duen ikuspuntu nazionalak erakarri nau eta, gure herrian ere energia komunitate bat eratzeko prozesua aurrera eraman dugunez, nire ekarpen txikia egin nahi izan dut. Gainera, etorkizun batean hemen landatutakoaren uzta bueltan jasotzea espero dut.

Lanketa interesgarria izan da, besteen ekarpenak eta ezagutza aberasgarriak izan dira. Hasiera batean lan handia zirudiena era xamur eta jasangarrian jaso dugula iruditu zait.

Zer ikasi duzu prozesuan?

Atera ditugun ondorioak eta elkarren artean erabaki dugun motako entitate bat sortzeko, egin beharreko prozesu parte-hartzailea nola eraman behar den ikasi dut.

Zergatik da garrantzitsua energia komunitateen arteko elkarlana bultzatzea?

Aurrez sortu diren energia komunitate txikiek bide luzea dute egiteko, baita behar asko ere. Elkarri lagunduta, Udalbiltzaren bermearekin, zerbitzu eta beharrak partekatzen lagunduko digu. Talde bakoitzak bakarrik egin beharreko lanak, hobe denon artean elkar lagunduz egitea.

Zer espero duzu prozesuaren amaieraz? Zer irudikatzen duzu sortuko dela?

Gustatuko litzaidake kooperatiba edo komunitate energetiko bat sortzea non honen azpian sartuko diren energia-komunitate txiki guztiak, eta azken hauek jasoko dituzten behar dituzten zerbitzuak eta laguntza.

Irudikatzen dut sortuko dela entitate bat non bilduko garen Udalbiltza, udalak, energia-komunitateak eta energiaren bueltan dabiltzan entitateak.