Skip to main content

Energia burujabetzan diharduten proiektu asko ditugu inguruko herrietan, eta horiei buruzko informazioa irakurtzeak asko aberastu dezake alor honetan izan dezakegun jakinduria. Baina irakurri baino are esperientzia interesgarriagoa da egitasmo eredugarri horiek bertatik bertara ezagutzea. Udalbiltza kontziente da horretaz, eta horrexegatik, bigarren energia txangoa burutu du aurten.

Uztailaren 3an, ostegunez, egin zen Udalbiltzak antolatutako bigarren energia txangoa. Iazkoak izandako arrakastaren ostean, aurten beste bat antolatu eta partzuergokideen artean eta energia komunitateen artean interesa zuen orori eskaini zitzaion joateko aukera.

Bigarren edizio honetan, energia burujabetzarako bidean diharduten bost proiektu ezagutzeko parada izan zuten bertaratu ziren hogeitaka lagunek: energia hidraulikoa lantzen duten bi, biomasarekin lan egiten duten beste bi eta elikadura burujabetza eta ekonomia sozial eraldatzailea lantzen dituen proiektu bat, hain zuzen ere. Elkargunea 9:30ean Altsasun eginez, lehenbizi Uharte-Arakilgo ur biltegian energia sortzeko proiektua ezagutu zuten; gutxi gorabehera 35-50 etxebizitzarako argiteria publikoa eta igerilekuko argiteria hornitzen duena. Ostera, Lizarragara lekualdatu eta bertako mikrosarearen berri izan zuten. Bertan, ura goiko ur biltegitik behekora askatuz sortzen dute argindarra, argiteria publikoa eta udal eraikinak elikatzeko.

Ziritzan (Deierri) kokatzen den Estellerriko Biomasa Logistika Zentroa bisitatu zuten ostean, biomasa eraldaketarako erreferentziazko gunea. Nafarroan lehena da, eta eskualde osoa hornitzea du helburu. Eraikitze fasean dagoen Aritzalako bero sarea ere ezagutzeko aukera egon zen; eta goizaldiko txango honekin amaitzeko, Deierriko ostatuan bisita gidatua egin zuten bisitariek bazkaltzera joan aurretik.

Euskal Herri osoko udal ezberdinetako hautetsiak, ingurumen teknikariak, energia komunitateetako kideak eta garapen agentzietako teknikariak animatu ziren batik bat esperientzia honetan parte hartzera. Aukera paregabea izan zen, egitasmo eredugarri hauek bertatik berara ezagutuz, euren udaletan proiektuak garatzeko ideiak jasotzeko.