2026. urtea hastearekin batera, Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren aldi honetan sortutako lan batzuen estreinaldiak iritsi dira. Umorearekin zein emozioekin jokatuz, gai sozialak azaleratu dituzte orain arteko estreinaldi gehienek, izan antzerki, zein komiki. Udalbiltza ere izan da estreinaldi horietan, eta bertaratutakoen eta sortzaileen sentsazioak bildu nahi izan ditugu kronika honetan.
Urtea oraindik hasi berritan, urtarrilaren 9an, Infinitudrama konpainia izan zen lehena euren antzezlana taularatzen. Promesarik Txikiena lanak Euskal Herrian gutxitan egindako proposamen bat ekarri digu: antzerki musikalarena. Umorearen eta musikaren bitartez (gehienak abesti ezagunen bertsioak, nahiz abesti propio bat ere sortu duten), adiskidetasunaren aferak taularatu nahi izan dituzte lan honen atzean dauden emakumeek. Leitzako antzokian egindako estreinaldian, aretoa ia beteta zegoelarik, bertaratutako jendea ere adiskidetasun horren konplize egin zuten.
Hurrena iritsitako estreinaldia, Zelako Kultur Ideiak konpainiaren Izeba Txirrita izan zen. Urtarrilaren 17an, Astigarragako aretoa ere lepo, jendea (heldu zein ume) hunkituta atera zen bertatik. 36ko gerra aitzaki, alzheimerra duen Izeba Txirritaren eta bere iloba nerabeen arteko elkarrizketek hartzen dute lanaren zentroa. Zelakok berak sare sozialetan zabaldutako bideo batean, horrelaxe dio ikusle izandako Teresak: “Hunkituta atera naiz. Zein ondo uztartu duten alzheimerraren kontua historia ez ahaztearen beharrarekin”.
Halaber, antzezlanean nerabeen papera egindako Irene Hernando eta Gontzal Royuela aktoreen hitzak ere bildu dituzte bertan: “Oso bitxia izan den gauza bat: barreak. Hainbat malko ere ikusi ditugu, baina ez genuen espero lanak komedia kutsu hori zuenik”, dio Hernandok. “Publikoak asko lagundu gaitu. Oso beroa izan da, erreakzionatzen aritu dira. Gurekin egon dira”, gehitzen du Royuelak.
”Gure eszenografia herriko jendeak emandako altzariekin sortu dugu. Beraien betiko altzariak oholtza gainean ikustea zoragarria izan dela esan digute. Antzerki hau beraiek ere sortu dute.
Iñaki Cid, amaHiru konpainia
Donostiatik etorritako amaHiru konpainiak ere Hiriburun estreinatu zuen Etxea lana, urtarrilaren 18an. Kasu honetan, egungo errealitate gordin eta garrantzitsu bat hartu dute abiapuntu: bizilekuaren afera. Umore garratz batez, hirukoteak barrez jarri zituzten ikusleak. “Zoragarria izan da antzezlana sortu dugun herrian estreinatzea, izan ere herriari eman digun laguntza eta maitasuna bueltatzea bezalakoa izan da”, esan dio Udalbiltzari Iñaki Cidek, konpainiako kide eta aktoreetako batek. “Gure eszenografia herriko jendeak emandako altzariekin sortu dugu. Beraien betiko altzariak oholtza gainean ikustea zoragarria izan dela esan digute. Antzerki hau beraiek ere sortu dute”.
Igaro den asteburuan beste antzezlan batzuk ere estreinatu dira: Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian, Ajangizen; eta Kulturarte Co-ren Frankopoleon, Plentzian. Lehenak aretoa lepo bete zuen Ajangizen, et emanaldi potentea egin zuela esan dute bertaratutakoek; bigarrenek, bestalde, Plentzian egindako aurkezpenean, euskalduntasunaren inguruko distopia interesgarri bat plazaratu zuten.
Komikigintzan ere pare bat aurkezpen egin dira dagoeneko. Urtarrilaren 17an Patricia Etxegaraik Ziortza-Bolibarren egin zuen aurkezpena, irudi eta hitzaren bidez proposamen esperimentala eskaini zuelarik. Urtarrilaren 23an, halaber, Usue Egiak gauza bera egin zuen Legorretan, txokolatada batez lagunduta.


