Albisteak

Auzitegi Gorenaren arabera, egoki eraturiko erakundea da Udalbiltza

Espainiako Gobernuak 2014ean udal laguntzen eta hitzarmenen inguruan Udalbiltzaren aurka abiaraziko prozesu judiziala amaierara heldu da, euskal erakundearen aldeko epaiarekin.

Espainiako Gobernuak 2014ean udal laguntzen eta hitzarmenen inguruan Udalbiltzaren aurka abiaraziko prozesu judiziala amaierara heldu da, euskal erakundearen aldeko epaiarekin. Hasierako 45 helegitetatik hogeik egin zuten EAEko Administrazio auzitegietatik,  Auzitegi Gorenerainoko bidea, eta azkenean, 17ra murriztu ziren. Joseba Compains, Udalbiltzako abokatuak jakinarazi duenez, “jada bost helegiteen ebazpena eman du argitara auzitegiak, eta Udalbiltza egoki osaturiko partzuergoa dela berresten duten epaiak eman ditu.” Gainerako ebazpenak hurrengo hilabeteetan helduko direla adierazi dute.

2013an Euskal Herriko zenbait hautetsik euskal erakunde publikoa berreraikitzeari ekin zioten, baina iragazki penala gainditu bazuen ere, estatuaren jazarpen legalak ez zuen etenik izan. Berrabiatzetik urtebetera, legaren barruan partzuergoa diruz lagundu zuten udalen aurkako helegiteak ezarri zituen garaian EAEko Espainiar Gobernuaren ordezkari zen Carlos Urquijok. Hasieran, 45 udalek eta Gipuzkoako Aldundiak jaso zuten Gobernuko ordezkari ohiaren helegitea. Udal kideen kuotak eta partzuergoaren nahiz udalen arteko lankidetza hitzarmenak Udalbiltzaren iturri ekonomiko nagusiak izaki, “Udalbiltza Partzuergoa ekonomikoki itotzeko nahi argia” salatu zuen Udalbiltzak.

Luis Intxauspe, Udalbiltzako lehendakariak dioenez, “1999. urtean bere ibilbidea hasi zuenetik, Espainiar Estatuak ezarritako legearen eta injustiziaren zangotrabekin garatu behar izan du bere jarduera.” 2003ko apirilaren 29an Baltasar Garzon epailearen agindupean erakundeko zortzi kide atxilotu zituen, hegoaldeko egoitzak itxi eta azkenik, erakundearen jarduera etenarazi zuen. Zazpi urte luze eta gogorren ondoren, 2011ko urtarrilean, Udalbiltzako hogeita bi auzipetuek absoluzioa jaso zuten.

Intxausperen arabera, “prozesu judizial berria beste sei urtez luzatu da, Udalbiltza Partzuergoaren proiektuaren garapena oztopatuz, eta berriz ere, prozesu luze honen bidez gure partzuergoa zigortuz." Helegiteotan, “Udalbiltzaren izaera publikoa ukatzen zen zuzenean, partzuergoaren eraketa egokia eta udalek bertan parte hartzeko duten eskuduntza materiala ukatzearekin batera.”

Bukatzeko, “Euskal Herria udal alorretatik eraiki eta nazio gisa garatu dadin laguntzeko sortu zela duela kasik hogei urte Udalbiltza, eta bide berberean urratsak ematen jarraitzeko” asmoa adierazi dute.

Albisteak