Albisteak

LURGIDA: Lurra, kultura eta identitateak

Lurgida lurraldearekiko, herritarrekiko eta gure herriko kulturaren errespetuan oinarrituko den ezagutza sustatzeko xedea duen tresna turistikoa izango da.

Euskal Herriari buruz galdetzean, gutako askok erreferentzia berdinak aipatuko genituzke; festak direla, hiriak direla, ohiturak direla... Baina, herri bakoitzak hainbat altxor ezkutu ditu bere identitatearen baitan, eta ezezagunak zaizkigun ondare eta ezagutza horietako batzuk jaso nahi ditu Udalbiltzak Lurgidan.

Sanferminak, danborradak, Aste Nagusiak, Tolosako inauteriak... hori aski ezagunak ditugu, bai. Baina, Euskal Herriko ondarea hori baino anitzagoa, sakonagoa da. Lurgidaren bidez, beraz, hain ezaguna ez zaigun ondare inmateriala jasoko dugu. Horrez gain, Europa mailan (Frantzian edota Alemanian, esaterako) oso errotua dagoen egitasmo bat ezarri nahiko genuke martxan: Camper, furgoneta edota autokarabanetzat gaua pasatzeko aukera eskaintzen duten etxaldeen Euskal Herri mailako gida. Bertako zein kanpoko bisitariek aukera lukete gaua bertan pasatzeko, eta era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko parada ezin hobea lukete. Modu honen bidez, lurrari eta bertako biztanleei estuki loturiko ezagutza bultzatzea litzateke asmoa. Hori dela eta, interesatuak diren baserritarrei, ekinbide honetan parte hartzera gonbidatu nahiko genieke.

Beraz, gure herriko lehen sektoreko ekoizle txikiengan eta Euskal Herriko ondare inmaterialean ezarriko dugu fokua. Horretarako, bi bidelagun ezin hoberekin gabiltza lankidetzan: kultur ondare immateriala biltzen adituak diren Iruñeko LABRIT ONDAREArekin, eta agroekologiaren alde lerroturiko bio-baserritarren EHKOlektiboarekin.

Horrez gain, Euskal Herriko herriak ezagutzeko aukera ere eskainiko du proiektu honek; batzuk oso ezagunak dira jada, beste batzuk, ez hainbeste. Herrietako festak, ezaugarri nagusienak, interesguneak… jasoko dira, besteak beste.

Azkenik, ibilbide tematiko batzuk ere proposatuko dira, hots, gai ezberdinen inguruan osatu ahal izango diren ibilbideak.

Hau guztia lau hizkuntzatan garatuko da (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), eta sakelakoetan kontsultatu ahal izango da, APP formatuan. Beraz, Euskal Herrian murgiltzeko aukera galanta izango da, gure herria sakonkiago ezagutzeko aukera paregabea.

Albisteak