Albisteak

Aiaraldeako energia diagnostikoa abiaraziko du Udalbiltzak

Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako (EHU-UPV) ikasleekin bideratuko da IKERBILTZA Proiektuaren ekinbide berri hau

Energia burujabetzaren bideak pausuak ematea. Hori izango da Udalbiltzako Ikerbiltza proiektuak eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako Energia Berriztagarrien Ingenieritza gradukoak elkarlanean abiaturiko proiektuaren helburua. Ikerketa Aiaraldean (Araba) egingo da 2018-2019 ikasturtetik aurrera, eta ekainaren14ean egin zen aurkezpen bilera Laudioko Udaletxean. Bertan izan ziren, besteak beste, Arakaldoko (Bizkaia), Arrankudiagako (Bizkaia), Laudioko (Araba), Orozkoko (Bizkaia) eta Urduñako (Bizkaia) alkateak. 

Proiektuak bi zati izango ditu. Lehenengoan, eskualdeko tokiko baliabideen azterketa egingo da, eta, bigarrengoan, eraginkotasun plana garatuko litzateke, behin tokiko baliabideak eta beharrak ezagututa eraginkortasun plana diseinatu eta abian jarri ahal izateko. Ikerketa, laugarren mailako ikasleen gradu amaierako lana izanen da, Aitor Urresti irakaslearen zuzendaritzapean gauzatuko dena.

 

Ikerbiltza proiektua

Ikerbiltza herri kohesio eta burujabetzarako bitarteko baliagarria da. Euskal Herriko Unibertsitateetan sortzen den jakintza udal eremuetan aplikatzeko eta praktikan jartzeko programa da. Dagoeneko hainbat ikasturte martxan daramatza programa honek eta egun, Euskal Herriko unibertsitateetan ikasketak burutzen dituzten ikasle batzuk udaletan egin dituzte euren gradu amaierako proiektuak udal horiek izan ditzaketen behar edo erronka desberdinen inguruan euren lanak gauzatuz.

2018an, baina, pausu bat haratago ematea erabaki du Udalbiltza patzuergoak, eta Ikerbiltzako lan ildoak Burujabetza eta Tokiko Garapenean kokatu ditu, eta, hori dela eta, hiru lan eremu landuko ditu: Gizarte Ekonomia eta Eralatzailea, Elikadura burujabetza eta Energia Burujabetza. Azken eremu honetan kokatzen da Aiaraldeako proiektua.  

Albisteak