Albisteak

Esperientzien Bankua

Esperientzien Bankuaren egitasmoa aurrera doa, Udal, eragile eta herri dinamika ezberdinetatik eraturiko ekinbideak saretzea eta helaraztea helburu duen proiektua.

Oihan Mendo, Gareseko (Nafarroa) alkate, Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide eta egitasmoaren arduradun politikoak esan zuenez, “Euskal Herrian lankidetzarako sinergiak ugariak dira gizartean eta enpresen munduan. Zergatik ez udalgintzaren arloan ere? Badakigu Euskal Herriko udalak, bakoitzak bere helburuekin, proiektu aitzindari eta aurrerakoiak garatzen ari direla, eta esperientzien bankuak ezagupen eta esperientzia hori Euskal Herriko udalen mesedetara jarri nahi ditu.”

Esperientzien Bankuaren xedea ez da soilik esperientzien zerrenda edo mapeo bat egitea. Udal, eragile eta herri ekimen ezberdinetatik sortzen diren ekinbideak saretzea eta helaraztea da asmoa. Horretarako, sareko plataforma ireki bat abian ezarriko da datozen hilabeteetan.

Egitasmoa aurrera doa, eta momentuz, lehentasunezko lan eremuok zehaztu dira:

  1. Energia burujabetza
  2. Elikadura burujabetza
  3. Etxebizitza eta hirigintza
  4. Lurra lantzeko erraztasuna
  5. Ekonomia soziala
  6. Euskara: Arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren baitako esperientziak
  7. Garapen soziala

Edonola ere, jasoko diren esperientziek bost irizpide zehatz bete beharko dituzte: Batetik, eraldatzaileak izan beharko dira; bigarrenik, Euskal Herriko beste txoko batzuetan martxan jartzea posible izatea, hots, trasnportagarriak izatea; hirugarrenik, gizarte onura bere helburu nagusia izan beharko dute; laugarrenik, Euskal Herrian kokaturiko esperientziak izan beharko dira; eta azkenik, arrakastatsuak izatea, hau da, funtzionatzea.

Esperientzien bilketa egiten hasiak gara dagoeneko, eta animatzen zaituztegu ezagutzen dituzuen egitasmoen berri ematera. Horretarako, udalharremanak@udalbiltza.eus helbidera idaztea besterik ez duzue. Animatu eta parte hartu!

Albisteak