Albisteak

HERRITARRON ITUNA: Zergatik erabaki gure geroa?

Zergatik eta zertarako gure etorkizuna erabaki? Udalbiltza osatzen dugun norbanakook ere badugu zer esana, eta zer ekarria. Gure Esku Dago-k Itun Herritarraren osatze prozesuan parte hartzeko deia luzatu digu Euskal Herriko hautetsioi.

 

BAINA, ZER DA HERRITARRON ITUNA?

Gure Esku Dago-k aurreko urteko ekainaren 10eko Bilboko ekimenean aurkeztu zuen Itun Herritarraren egitasmoa, konplizitateak josi eta adostasunak ehuntzeko esparru berria izan nahiko lukeena. Erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitzeko, eta Euskal Herriaren etorkizun politikoaren eztabaidan gizartearen parte hartzea bideratzeko tresna eraginkorrak martxan jartzeko balio beharko luke Itunak.

Nola irudikatzen du gutako bakoitzak bere ondorengoei utzi nahi dien Euskal Herria?, zer ikuspegi dute herritarrek?, zein da gazte, enpresari, irakasle, langile, emakume edo adinekoen ikuspegia?, zeintzuk dira herritarron kezkak, ilusioak, gogoak eta nahiak? Ariketa hori da Herritarron itunean egiten ari dena, erabakitzeko dauden zergatiak plazaratuz eta bilduz. Norbanako bakoitzak ilusio eta nahi desberdinak baditu ere erabakitzeko, denek bat egiten dute bertan erabakitzea dela gakoa edozein proiektu gauzatu ahal izateko.

 

ZERTARAKO?

Finean, erabakitzeko eskubidea edukiz betetzeko funtzioa du dinamika herritar eta parte-hartzaile honek. Ez hori bakarrik, adostasun esparru zabalak eraiki nahi dira, herritarrok eztabaida elkarrekin egiteko erabateko borondatea eta nahia baitago. “2019 arrazoi erabakitzeko” leloaren bueltan, herriz-herri egin diren arrazoi-bilketa saioen bidez erabakitzeko nahiaren zergatien bilduma egin da. Orain arte, 1300 arrazoi inguru biltzea lortu da, bost alorretan sailkatuak izan direnak: Ongizatea, Kultura, Herritartasuna, Gure Lurra eta Beste. Eta zertarako arrazoi bilketa hori? Bada, arrazoi horiei guztiei demokratikoki bide emateko eta behar diren tresnak eta adostasun esparruak kolektiboki eraikitzeko.

Herritarron Ituna osatu ondoren, HERRI ITUNA osatzeari ekinen dio GEDk. Azken itun hau, begirada luzeko eztabaida baten bidez Euskal Herriaren etorkizuna birpentsatzeko aukera eskainiko duen adostasun eta tresna multzo bat bezala irudikatzen da. Bakoitza bere esparrutik baina kolektiboki, Euskal Herriko etorkizuna irudikatzen eta erabakitzen lagunduko duen tresna kutxa bat bezala alegia.

Ekainetik aurrera, eta ekainaren 10eko ekimen handiaren bultzada baliatuz, hasiko du bere ibilbidea ERABAKITZEKO ESKUBIDEEN ALDEKO HERRI ITUNA, albait eragile eta norbanako gehienen babes eta bermea biltzeko xedearekin.

 

NOLA?

Bi fase aurreikusi ziren HERRITARRON ITUNA osatzeko. Lehena, fase ahalduntzaile gisa izendaturikoa, euskal hiriburuetako mahai-inguruak, Eskualde/herrietako saio parte-hartzaileak zein herritarren aktibazioari begirako ekimenak osatuko luketena, eta ekainera arte luzatuko dena. Bigarren fasea, ekainetik aurrera garatuko dena, ziklo berriari ekitekoa litzateke. Fase horretan Herritarren Itunean jasotako edukiak plazaratu eta Euskal Herrian ziklo berria zabalduko duen Erabakitzeko Eskubideen Aldeko Herri Ituna sustatuko da.

(Informazio gehiago, hemen eta hemen)

 


Hau azaldurik, Udalbiltza osatzen dugun norbanakoei Herritarron Itunean parte hartzeko deia luzatu digu GEDk, lehen fasea ekainean burutu aurretik, gure ekarpenak egin ditzagun eta denek elkarrekin Itun koloretsu eta anitza osa dezagun. Ekarpenak karmele@gureeskudago.eus helbidera bidali beharko dira, maiatzaren 15aren aurretik eta albiste honi erantsitako dokumentu eredua erabilita.

Horrekin batera, datorren maiatzaren 27an egingo den udal hautetsien agerraldian parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu kide guztiei (ikus, gonbidapen gutuna). Ekitaldia Gernikako anfiteatroan izango da, eguerdiko 12:00etan. Euskal herritarrak Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko duen giza-kate erraldoian parte hartzera animatzea da agerraldiaren helburua. Bertan espero zaituztegu!

Albisteak