Albisteak

Udalbiltza Urkullu lehendakariarekin bildu da datozen urteotako lan ardatzen berri emateko

Udalbiltza Partzuergoak Eusko Jaurlaritzarekin bilera egin du gaur eguerdian Gasteizen. Jaurlaritzarekin egin duen lehen bilera izan da gaurkoa.

Lehendakaritzan egindako bilkuran Udalbiltzaren izenean Luis Intxauspe lehendakaria eta Batzorde Eragileko Haizea Isasa (Gamarteko zinegotzia) eta Oihan Mendo (Garesko alkatea) izan dira. Jaurlaritzaren izenean, berriz, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka Justizia eta Herri Administrazio sailburua izan dira.

Intxauspek Udalbiltzak amaitu berri duen gogoeta prozesuaren emaitzen berri eman dio lehendakariari, non datorren hamarkadan Udalbiltzaren lan ardatzak onartu diren. Horrez gain, Udalbiltzak burutu dituen programak eta esku artean dituenak azaldu dizkio. “Gure asmoa izan da Eusko Jaurlaritzari jakinaratzea zein den egiten ari garen lana, Euskal Herri osoa kohesionatzeko helburua duten proiektuak daramatzagula aurrera” adierazi du Intxauspek bilera amaitu ostean.

Bileraren ostean Luis Intxauspek eskertu egin du Jaurlaritzak Udalbiltzari egin dion harrera. “Udalbiltzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lehen bilera izanik uste dugu erakunde publikoon artean harreman instituzionalak sendotzen ditugun neurrian, elkarlana gauzatzen den artean Euskal Herria Euskal Herriago izango dela, toki eta sektore gahiago jorratuko ditugulako, erakundeon arteko saretze lana oso eraginkorra delako».

Udalbiltzak iritzi dio administrazioen arteko elkarlana sendotu behar dela eta Udalbiltzak ziurtatu du elkarlan hori errazteko ahaleginean jarraituko duela.

Albisteak